BIKILA 2014 AZAROA
Artista aparta. Ez dut ezagutzen uste hori inork ez-baian jartzen duenik. Bai ordea bere izaera eta jarduera. Horren inguruan burutazio hauek
Adostasunean laguna, desadostasunean zorrotza. Pertsona berezia genuen Imanol. Unamuno bezala, alde askotarikoa, beti ere, une bakoitzean sinisten zuenarekin koherentea izaten ahalegin zena. Baina, nago, batzuek eta besteek, salbuespenak salbuespen (Unamunorekin bezala) beren komenentzira erabili ohi zutela eta bazterrean utzi edo zokoratu geroago.
Aspalditik ezagutzen nuen Imanol. Urteen joan etorrian harremanak gorabeheratsuak izan genituen. Oso onak, petralak eta azkenean hutsaren hurrengoak.
Franco hil ondorengo amnistia zela medio, askok eta askok etxera itzuli ginen. Imanol horietako bat zen. Bere etorrian Gwendal musika talde bretoiarekin ibili zen Euskal Herrian zehar, euskal eta zeltar doinuak uztartuz; askok eta askok txundituta utziz. Halaz ere, Imanolek eta Oskorri taldearen zenbait emanaldietan Gorriak kanpora! ohiak entzuten genituen.
Garai bereziak ziren, eta ez oso gozoak (naiz eta gaur egun mitifikitu ditugun) kultur arloan zein politikoan gure burua gorritzat eta internazionalistak genuenentzat. Abertzale askok gorria eta espainolista sinonimotzat zuten. Eta laido horretatik ez zen salbu egon ezta ere, gaur egun, han loriatua dugun Gabriel Aresti bera. Aitzikiz, Pantxo eta Peiok abertzaleak izanez gero izan gaitezen denok anai, Monzonen abestiarekin izugarrizko txalo zaparradak sortzen zuten, naiz eta ordurako garbi izan abertzale guztiak ez zihoazela bide beretik eta ez zirela uste bezain anai, – klase ikuspegitik bederen- aldiz, ezkerreko abertzaleak eta gorri erradikalak kaleko borrokan bat egiten genuelarik.
Hala gertatzen zen, behintzat, Errenteriako asanbladan. Imanol askotan egoten zen bertan. Horrek hurbildu gintuen.
Noizean behin idazten nituen poesiak igortzen nizkion. Guardia zibilak Hondarribiko alardean Josu Zabala gaztea hil zutenaren oroimenez Odola Alardean irakurri eta, indarra du! esan zidan. Doinua jarri zion eta zenbait emanalditan abestu zuen, Errenteriako nire -Gaztaino- auzoan ere bai.
Abiada lasterrean iritsi zen desenkantoa izenez bataiatu zen garaia. Askok eta askok etsi egin zuten, zelaiez aldatu, edo borroka utzi, eta beste zereginetan murgildu. Aldaketa bizitzarekin dator. Denok aldatzean gara asko edo gutxi (Sarrionandiaren esanetan) eta Imanol ere aldatuz joan zen oso bere modura. Zertan aldatu horra hor gakoa.
Kantari profesionala izateko hautua egin zuen. Bere kantagintza geroz eta erromantikoagoa bihurtu zen. Euskal Herriko egoera politiko eta soziala salatzen zituen kantu mota haiek bere errepertorioan geroz eta urriagoak ziren, baina aitortu behar dut, aldi berean, oso gogokoa nuela bere bilakaera artistiskoa, batez ere hain sentiberak ziren haur eta amodio kantak.
Ogi pitin batekin tori kokoloa, handia egiteko seme potoloa… zenbat aldiz entzunarazi diet gure seme eta alabei!
Laurogeigarren hamarkadaren hasieran, nire irudipena da, ezker abertzaleak gogoko edo nolabait onartu zuela Imanol. Bere ospe ona mundu horretan gailurra jo zuen, 85en Imanolek Martuteneko espetxean emandako kantaldian erabilitako bafle batean barruan Sarrik ihes egin zuenean.
Ez zuen luze iraun. Imanolen aurkako pintaketak eta mehatxuak azaldu ziren. Liskarrak abiada hartu zuen nonbaitetik xaxatuta. Eta muturrera jo zuen bien aldetik zubi guztiak apurtuz. Betiko kontua gurean. Ildo nagusiekin kritiko agertzetik susmagarri izatera igaro, eta azkenean jauzi kualitatiboa, traidore edo etsai bihurtu.
86an gertatu zen Yoyes-n zorigaitzeko hilketa sektarioa bezain ankerra. Semearen aurrean ama akabatzea, gauza doilorragorik. Imanolek jauzi handi bat eman zuen Yoyes-omenaldian bere presentzia nabarmenduz. Akabo kantaria, bere fintasun eta kalitatea; akabo hainbeste urteetan euskal kulturaren langile finarenak. Aldeko edo kontrako, heroia edo deabrua, ikonoa bihurtu zen artistaren kalterako. Guzti horrek min ematen zidan.
Eta Imanol nola mehatxu, iraindu eta jazartu zuten ikusita, zilegi bekit nire buruari galdetzea, guzti horrek ez ote zuen Imanol konstituzionalisten eremura bultzatu. Horrek zerk pentsatu eman beharko lieke jarrera hori bultzatu zutenei. Alabaina, ez dio kentzen garrantzi izpirik Imanolek egin zuen hautuari. Imanol ez zen Inozoa. Bazekin non kokatzen zen eta horrek ze eragina izango zuen. Izan ere, Imanol behin muturtuta ez zen atzera egiten zuenetakoa.
Handik gutxira, Ajuaria Eneako itunaren itzalean “laxo urdineko” mugimendua sortu zen. Imanol buru belarri murgildu eta nabarmendu zen manifestazio guzietan, eta ez bakarrik bere altuerarengatik. Imanol, ospe handiko artista eta euskaldun garbia izateaz gainera, frankismoaren aurka aritzeagatik kartzelan eta erbestean egondakoa zen. Aspaldiko eta pedigri garbiko demokrata zen, bere ondoan zituen asko eta asko ez bezalakoa. Mayor Oreja eta Imanol elkarrekin ikusteak, horrek ere, min ematen zidan.
Baina Ajuria-eneko itunak pott egin zuen eta Lizarra Garaziko aroan sartu ginen, lerroak beste modura gauzatu ziren. PP eta PSErentzat euskal nazionalismoa osoa jarri behar zen auzitan. Laxo urdinak bereak egin zuen. Beste ikonoak behar ziren. Imanol ez zen jadanik aproposena. Ermuako foroaren garaiak ziren.
Azkenean, “ihes egin behar izan zuen…Euskadin berarentzat tokirik ez zegoela erabaki zuelako norbaitek” idatzi du Juan Gorostidik. Berriro deserrira eta ia kale gorrira. Imanolek inoiz ez zuen gozatu beste iheslari batzuk (Sabater, Juaristi edo Azurmendik…) izan zituzten laguntzak. Diruz urri, garai hartan lagun batzuen esker bizi ahal izan baitzuen.
Imanol hain laudatua konstituzionalisten eremutik, baino Madrilen, uste dut ez zuela tokirik aurkitu. Azken finean artista euskalduna zen eta ezkertiegia gozo bizi al izateko hango giroan. Ni ibili izan naiz Espainian zehar eta nire burua ez dut inoiz arrotz sentitu, kideek eta ingurukoak internazionalistak zirelako. Diferentzi ederra, Eusko Gudariak, Els segador, Grandola vila morena eta Internazionala kantatzen zutenen eta Manolo Escobar-en ¡Que Viva España! dutenen artean mugitzea. Beno, agian izango zuen beste giroa abegikorragoa ere, baina ez dut uste oso zabala eta emankorra izango zitzaionik.
Urte horietan bat baino gehiagotan burutik pasa zitzaidan Imanoli zuzenean galdetzea. “Haizak, Imanol, ez duk uste garaia dela gure artean bakea egiteko? Torizak bostekoa!” Baina, Imanolek nora erantzungo zidan beldur hala koldarregia izan nintzelako ez nuen pauso hori eman. Bere heriotzaren berria gureganatu zenean izugarrizko nahigabea izan nuen. Eta damu naiz. Jada ez du erremediorik.
BIKILA 2014 AZAROA