Berria.info   2009-03-26 – 20:05:35

Baionako Auzitegiak absolbitu egin du eta elkarteak ez du izena aldatu beharko. Urtarrilaren bukaeran egin zuten epaiketa, Pirinio Atlantikoetako prefetaren salaketa zela-eta. Honek zioen elkartearen «izaera, helburuak eta antolaketa» legez kanpokoak direla, baina epaileak ez dio arrazoirik eman. «Egun izugarria da, aspalditik zor ziguten eguna», esan du Berhokoirigoinek.

Baionako Auzitegiko Marie Catherine Robert epaileak absolbitu egin du Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG). 14:05ean atera du epaia eta ez dio zigorrik jarri. Urtarrilaren bukaeran egin zuten epaiketa, Pirinio Atlantikoetako prefetaren salaketa zela-eta. Gaur ehunen bat lagun bildu dira auzitegiaren atarian, elkarteko kideei babesa ematera. «Egun izugarria da, aspalditik zor ziguten eguna», esan du Mixel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako presidenteak.

Salaketa zein zen ikusita, epaiketa hasi aurretik Berhokoirigoinek urtebeteko kartzela zigorra eta isuna jasotzeko arriskua zeukan -elkartea legez kanpo geratzeko arriskua ere bazen-, baina saioan bertan Anne Kayanakis prokuradoreak isunik eta kartzela zigorrik ez zuen eskatu, ezta elkartea legetik kanpo uzteko ere.

Dena den, prokuradoreak epaileari eskatu zion EHLGk izena aldatu beharko lukeela hilabete bateko edo biko epean. Paueko prefetaren iritziz, elkarte horren «izaera, helburuak eta antolaketa» legez kanpokoak dira, horiek erakunde publiko batenak direlako, eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren izenak eta izaerak Pirinio Atlantikoetakoarekin «nahasmena» sortzen du. Prokuradoreak proposamen bat egin zuen epaiketan: ‘Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzearen aldeko elkartea’ izena jartzea EHLGri. Ez du izenik aldatu beharko, baina.

«Zerk trabatzen du Frantzia: gure izenak, gure laborantza ereduak, bortizkeriarik gabe jarduteak edo hirurak?», galdetu izan du Berhokoirigoinek. «Ez da onartzen ahal Estatuak traba dezan garapen iraunkorrean lan egiten duen elkarte bat; laborantzan dagoen egoera larri honetan, aterabideak bilatzen dituen elkarte bat ezeztatu nahi izatea kriminala da laborarientzat».

Laborantza Ganberak bere garaian izena eta estatutuak Baionako suprefeturan aurkeztu zituen, ohiko urratsak eginez. Suprefeturak onartu zituen, eta Frantziako aldizkari ofizialean agertu zen erabakia. Alta, Philippe Gregoire garaiko suprefetak salaketa ezarri zuen. Suprefetaren iritziz, erakunde ofizial baten izena baliatu nahi zuen Laborantza Ganberak. Horrez gain, eginkizunetan erakundeen jarduna bereganatu nahi izana leporatu zion.

Harrezkero elkartasun adierazpen ugari jaso du Laborantza Ganberak.


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Post Navigation