imanol_oroituz

Andoni Egaña eta Maite Berzosa, Antiguan egin duten horma-irudiaren aurrean. (Argazkia: I. Esnaola)

Antiguako Bentaberri plazan ikus daiteke Imanol Larzabal abeslari donostiarraren omenezko horma irudia. Azaroaren 11n inauguratuko dute, ekitaldi berezi batekin.

Kantuan irudikatu dute Imanol Larzabal abeslaria, eta esaldi bat irakur daiteke alboan: Zoaz urruti airean… lau haizetara. Antiguako Bentaberri plazan ikus daiteke, auzotarraren omenezko horma irudia. Innovart enpresako Mikel Herrero artistak egin du, udalaren bidez eta Imanol Oroituz taldeak proposatuta.

Azaroaren 11n horma irudiaren aurkezpena egingo dute omenaldi gisako ekitaldi batekin. «Azaroaren 11n, 70 urte beteko lituzke Imanolek. Egun horretan ekitaldi xumea egingo dugu, familiarekin eta hurbiltzen direnekin», azaldu du Maite Berzosa Urretabizkaia taldeko kideak.

Karlos Gimenez eta Amaia Zubiriak pare bat abesti eskainiko dituzte, eta ondoren Xabier Euzkitzek bertso batzuk kantatuko ditu. 11:00etan hasiko da inaugurazio ekitaldia, eta Imanol Oroituz taldekoek nahi duen orori hurbiltzeko gonbidapena egin nahi diote. «Imanolen pentsamendu politikoengatik aldendu zirenak ere etortzea gustatuko litzaiguke», azpimarratu du Andoni Egaña Ormazabalek, Imanol Oroituz taldeko kideak.

 

Horma irudi indartsua
Abeslari donostiarraren omenez egindako horma irudia asko gustatu zaie taldeko kideei. «Benetan ederra eta indartsua da», dio Egañak. «Zoriontzekoa da artistak egin duen lana. Guk pasa genion argazkia, eta uste dut oso fidela dela», esan du Berzosak. Halere, detaile bat falta zaiola gaineratu du Egañak: «Ondo legoke irudiaren azpian Imanol Larzabal izena jartzea, haren jaiotza eta heriotza datarekin batera».

Imanol Oroituz taldea pozik dago Donostiako Udalak beraien proposamena aurrera eraman duelako. «Kultura sailean aurkeztu genuen, eta ondo iruditu zitzaien. Garrantzitsua da udalak horrelako egitasmoak bultzatzea, eta hirian gure ondare kulturalaren berri ematea», azaldu du Berzosak.

Hasiera batean, Tabakalera aurreko plazan jartzeko eskaera egin zuten, baina azkenean Antiguako Bentaberri plazan jartzea adostu zuten udalarekin. «Kokapenaren gustura gaude. Azken batean, Matia kaleko 50. zenbakian jaio zen Imanol, eta Antigua auzoa asko maite zuen», esan du Berzosak.

Hamar urteko bidea
2004an abeslari donostiarra zendu zenean sortu zuten Imanol Oroituz taldea. «Bere izena eta izana aldarrikatzeko elkartu ginen», esan du Berzosak. «Ondare ikaragarria utzi du kultur mailan. Guk hartu dugu ardura zabaltzeko, ikusten genuelako itzalean geratu dela bere kantutegia», gaineratu du Egañak.

Ordutik aurrera, ekitaldi kulturalak antolatu dituzte familiaren onespenarekin, eta Donostiako Udaleko Kultura sailaren laguntzarekin. «Mahai-inguruak, erakusketak, kontzertuak, Imanol Cover lehiaketa EITBren eskutik… asko dira hamarkada batean antolatu ditugun jarduerak», esan du Berzosak.

Lugaritz kultur etxeko areto nagusiari Imanol Larzabal izena jartzeko proposamena egin zuen 2007an, Imanol Oroituz taldeak. Udalak onartzea erabaki zuen, eta aretoak abeslari donostiarraren izena hartu zuenetik haren omenezko ekitaldiak bertan egin ditu taldeak. «Urte hauetan guztietan kolaborazio asko izan ditugu. Imanol maite zuten pertsonak alboan izan ditugu ekitaldi bakoitzean», adierazi du Berzosak.

Hamar urte bete zirenean, ordea, ikusi zuten talde bezala ziklo bat ixteko unea zela. «Hamargarren urteurrenean, ekitaldi berezia antolatu genuen. Gure alboan izandako pertsona guztiei eskerrak eman, eta urteroko konpromisoari bukaera ematea erabaki genuen», azaldu du Berzosak.

Horma irudia egiteko aukerak, ordea, berriz elkartu ditu. «Guretzako Imanolen historia eta kantak gure bizitzaren zati bat dira. Une honetan, horrelako aukerarekin, ikusten dugu datozen belaunaldiei erakutsi behar diegula zein zen Imanol eta zer egin zuen herri honetako kulturaren alde», dio Berzosak.

Imanol Larzabalen omenezko horma irudiarekin batera, Jorge Oteizari eta Mikel Laboari eskainitakoak ikus daitezke hirian. Asmo horri eutsi eta jarraipena ematea nahi du Berzosak: «Udala ez dadila hiru horietara mugatu. Beste artista eta pertsona esanguratsu asko ditugu hirian horrelako omenaldi bat merezi dutenak».

Horma irudiek duten garrantzia kulturala azpimarratu du Egañak: «Donostiari beste balore batzuk ematen dizkiote, eta ondarearen erakusgarri dira».

NOLA EGIN DUTE IMANOLEN OMENEZKO HORMAIRUDIA?

 

Joan den astetik Imanol Larzabalen omenezko Antigua ikuasgai dago Bentaberri plazan. Egiako Innovart19 lantegian lan eta lan ibili ohi den Mikel Herrero sortzaileak margotu du, Donostiako Udalaren enkarguz. Imanol Oroituz elkarteak Donostiako musikaria omentzeko lan bat egiteko eskatu zion udalari, eta jada margotu dute haren omenezko lana. Bideoan azalzten da nola egin duten hormairudia.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Post Navigation